XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sakaneko mehatz langile biak botil tiraka hasi ziren, tabernaria bihotz gabe bat zela, eta Irundarrak basapixti batzu; botilak ordainduko zituztela, baina egarriz itotzera kondenatzen zituztela eta horregatik ixildu egiten zirela.

Hortan bukatu zen guztia, eta Manixek brau batean abiarazi zituen zaldiak istiluzaileen gainera amiltzera zihoanaren itxura eginaz.

Ikusmiran zeudenek pentsatu ere zuten San Juan Arri zutabearekin joko zuela, edo arrizko aulkiren bat bota behar zuela; zorionez ez zuen Behobiako bidea hartu eta laukoan jaitsi zuen aldapa.

Zaldiak baretu zirenean basoilarraren islaren parez pare zihoazen; elektrik argiak dizdizka zeuden, eta hibai gainean laino zerrenda luzatzen zen.

Lo zeudenen zurrunka hotsak Berekotxeren akordeoi soinuarekin nahasturik entzuten ziren.

Harakinak bitartean horren kuttunak zituen doinu martzalak zabaltzen zituen airetara bere turutarekin.

Biharamunean, jaiki zenean Dithurbidek berebiziko akar erauntsia entzun behar izan zuen etxean.

Ohiturak ala erakutsirik, samur eta bigun erantzuten zion, erru guztia txango lagunen gainera egozten zuelarik; ez alferrik ordea, zeren Kandida, esku bat meakezurrean jarririk eta bestearekin haurrari eusten ziolarik, suge gorriaren miztoz mintzatzen bai zitzaion: - Alproja haundi hori! Zer egin duk hemengo diruarekin! Senar gaizto! Gabatxo alu! Ahardi kume hori!